XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

QUITO'N ARREBAREKIN

I. AURRE-OHARRAK

Quito'n arrebarekin idazlana oso gutxi ezagutzen dela esanez hasiko naiz.

Arrazoi sinple batengatik: eskuragaitza gertatzen delako.

Orixek lan hau Euzko Gogoa-ko zenbaki desberdinetan argitaratu zuen, 1950-1954 epealdian.

Horregatik, lana jarraituan irakurriko bada, aldizkari horretako zenbaki guzti horiek eskuartean eduki beharra dago.

Baina aldizkari horren bildumak ez dira asko eta daudenak, gainera, aski barreiatuak eta leku ezjakinetan aurkitzen dira.

Hau horrela izanik, normala da Orixeren Quito'n arrebarekin-ek irakurle gutxi izatea.

Eta seguraski orain gutxiago lehen baino, lehenago belaunaldiak bere garaikideen lanak segitzen bait zituen normalean.

Idatzi ere, gutxiago idazten zen.

Orixeren idazlanak aztertu dituztenen artean, bestalde, inork gutxik ekin dio Quito'n arrebarekin-i.

Agian aski ulergaitza delako, agian interesgarria ez delako, agian, ez bata eta ez beste, inori burutik pasa ez zaiolako.

Ez dakit.

Hala ere, ez da erabat baztertua izan.

Orixeren ikusmolde mistikoa aztertzean, ezinbestekoa gertatu da Quito'n arrebarekin aipatzea.

Zentzu honetan, zeharkako hurbilketak aurkitu ezinik ez dago Isidor Baztarrikaren 1. Orixe Jainko-billari purrukatua, in: Orixe, Omenaldi, Euskaltzaindia, Donostia, 1965, 165-189or. eta Joxe Azurmendiren 2. Zer dugu Orixeren kontra, Jakin, Oñati, 1976; Zer dugu Orixeren alde, Jakin, Oñati, 1977. lanetan.

Quito'n arrebarekin-ek aurkezten du beste arazotxo bat ere: zein literatur generotan kokatzen den erabakitzeari dagokiona, alegia.

Har itzazu, gonparazio baterako, Orixeren beste liburu batzu eta inolako zailtasunik gabe egingo dituzu sailkapenak: Euskaldunak poema epikoa da, esango duzu, Barne-Muiñetan poema mistikoa, Santa Kruz Apaiza kontakizuna, Jainkoaren billa tratatu mistikoa, etab.

Quito'n arrebarekin tipifikatzea ez da hain aise, literatura soilari nahiz tratatuari dagozkion elementu nahasi dexentez horniturik bait dago.

Inon kokatzekotan, saiakera mailan sartuko nuke.

Saiakerak izan daitezke bai ideien azalpenaz dihardutenak (...).